Historian

Gure historian

Donostiatik paseatuz hiriko historiaren berri izan dezakegu neurri handi batean; hala, irudimena askatuz, orain mende batzuetako donostiarrak nola bizi izan ziren imajina dezakegu.

Donostiako historia Erdi Aroan hasi zen, Antso Jakituna nafar erregeak fundatu eta hiribildu izendatu zuenean, 1180. urtean gutxi gorabehera, izen bereko santuaren omenezko monasterioaren inguruetan, egungo Antigua auzoan. Hortik salto handi bat egingo dugu XIX. mendeko hasierara arte (1813). Urte horretan, zenbait gerra jasan ondoren Donostia bakean zegoela, hiria berreraikitzeko lanari ekitea erabaki zuten. Mende horren erdialdean, hiriaren gotorleku-etapa amaiturik eta probintziaburuaren eginkizuna betez, Donostia hedatzen hasi zen, harresi zaharrak eraitsiz. XX. mendearen hasieran Donostiako erdialdea eraiki zuten, egun gorde duen arkitektura-xarma emanez (alde zaharreko eraikinak kontuan hartu gabe).

Ezbairik gabe, Maria Cristina erregina izan zen Donostia turismo-hiri gisa sendotu zuena. Donostian ematen zuen uda, XIX. mendearen amaieratik hil aurreko urtera arte (1929an hil zen). Donostiako Belle Époque esaten zaio garai horri. Honako hauek guztiak eraiki ziren urte haietan: egungo Udaletxea(hasiera batean kasinoa izan zen), Artzain Onaren katedralaPostetxea (lehengo Arte eta Lanbide Eskola), Koldo Mitxelena Kulturunea (lehengo Peñaflorida Institutua), Miramar jauregia(erreginaren bizilekua hirian zegoenean), Victoria Eugenia antzokiaMaria Cristina Hotela, Frantzia pasealekuko etxeak (“Paris txikia” esaten zioten gune horri) eta Norteko geltokia.

XX. mendearen erdian, hiria zabaltzeko bigarren prozesua, prozesurik garrantzitsuena, hasi zen. Horren ondorioz, hiria hegoalderantz zabaldu zen, eta Amara auzoa sortu zen. Zabaltze hori amaitzean, gaur egun ezagutzen dugun moduan geratu zen hiria, gutxi gorabehera.